SAGARRA:MANZANA,  IKETZA:CARBÓN… PRINCIPIOS: ILEA, ALCALDE: BURUSOIL.

“Antes tenía pelo y ahora no!” erantzunda justifikatu gura izan zuen Jose Luis Navarrok, Abadiñoko Independienteen buru eta Udal agintari gorenak, berak eta bere taldekoek boterea usaindu zuten egun beretik erakutsi duten eraldaketa beldurgarria. Garbiketa zerbitzua pribatizatzeko dituzten asmoen gainean galdetu genienean esaldi borobil bezain argigarri hori jaurti zuen alkateak.

Subkontrataziora jo gura dute, langileen baja eta oporrak ordezkatzea oso zaila dela argudiatuta. Horixe da emon duten azalpen bakarra eta Udalak horretan izan dezakeen erantzunkizuna eta aukerak sahiestuta biderik eta errezena hartu dute. Errezena bai baina inondik inora ez zuzenena, zilegiena edo/eta defendagarriena.
Subkontratazioak, berez, eginkizun horren gaineko ardura sahiestea ahalbideratzen du, zerbitzuaren gaineko kontrola galduazota. Zerbitzu emote horretan kalitatearen galera dakar, beharginen lan baldintzak okertzen ditu, udal langilegoaren gutxitzea du ondorio  eta diru publikoa enpresa pribatuen eskuetara bideratzen du , klientelismo politikoari bidea eskainiz.

Ezer erabaki aurretik ondo letorke gogoratzea publikotasunak dituen baloreak. Merkatu arauen edo partikularren irabazi asmoez haratago begiratzeko aukera ematen du horrek. Horregaz batera, interes orokorrari lehentasuna ematen dio, batetik, berdintasuna (lanpostua lortzeko edozein herritarrek izan beharko lukeena) eta bestetik, justizia soziala (Abadiñoren kasuan, premia gehien izan dezaketen herritarren lan integrazioa) bideratuz.

EAE-ANVren ustez Abadiñoko Independienteek burutu gura duten operazio hau ez da zuzena eta gutxiago beharrezkoa. Garbiketa zerbitzuak Udal Zerbitzu izaten jarraitu beharko luke eta horren alde egingo dugu guk. Erakunde publikoek eredu izan behar dute lan baldintzen errespetuan eta kudeaketa publikoaren defentsan. Pribatizazioaren alde dagoenak aldaketa hori derrigorra dela erakutsi beharko du, bestela, ezkutuko asmoren bat gordetzen dutela pentsatzen hasi beharko dugu.

“Pelo”dioen lekuan jarri “principios” eta “no” dioen tokian “poder” eta antza emoten hasiko gara: “antes tenía principios y ahora poder!”