ELKARRIZKETA. Araitz Basauri EAE-ANVko bozeramailea Abadiñoko Udalean
“EAE-ANVn oso garbi daukagu udalgintzak hartu beharko lukeen norantza”
![]()
“Estamos en Diciembre y el equipo de gobierno no ha presentado aún su proyecto de presupuestos para el 2008”
“Los independientes se limitan a hacer seguidismo de lo iniciado por la anterior corporación”
Maiatzeko udal hauteskundeetan ANVk zerrendaburu aurkeztu zuen Araitz Basauri. Udal Talde horren bozeramailea da bera Anbadiñoko Udalean. Lanbidez irakaslea, tartetxo bat kendu diogu bere zeregin ugarietatik eta udalgintzaz eta bestelakoez aritu gara berarekin.
-Zeu zara ANV udal taldean bozeramale…
Ardura maila haundia da hori. Taldeak adierazi gura duena era txukun, argi eta ulergarrian agertzea gainontzeko udal taldeen aurrean niri egokitu zaidan zeregina da. Eta horretan nabil.
-1122 zer dinotsu zenbaki horrek?
1-1, 2-2, 3-3,…zenbaki borobila da! Gehitzen goazela adierzten du. ANVk Abadiñon lortutako emaitza den neurrian …pozgarria izan zen guztiontzako. Bigarren indarra udalean. Jendeak gugan sinesten duen seinale. Aldaketa beharra ere adierazten du.
-Batzuentzat ANV eta Independienteen arteko akordioa zen aukerarik onena…
Aukera ezberdinak zabaldu ziren hauteskunde ostean. Udal gobernu indartsu bat behar zela ondorioztatu genuen guk. Akordietarako aukera historiko bat zabaldu zen. Baina Abadiñoko Independienteek ez zuten iritzi bera eta euron erabakia izan zen parte hartzea murriztuz, kolore bakarreko udal gobernua eratzea. Ezkerreko bide berri bat zabaltzeko aukera galdu zen. Proposamen serioa eskaini genuen guk.
-Beste batzuentzat ANV eta PNVren arteko akordioa…
Jakina den moduan aukera horri begira ere egin genuen gure ahalegina. Ez horrenbeste progama berdintasunei begira baina bai, erantzukizunez jokatuta, amankomuneko proiektua gauzatu eta gobernu sendo bat egituratu guran. PNVk ere ez zuen gura izan.
-Azkenean ez bata ez bestea talde independientea bera bakarrik gobernuan.
Gobernu ahula dago udalean momentu honetan, independienteek horrela gura izan dutelako. Asko hausnartu barik hartutako erabakia da AIrena, arinkeria. Abadiñok erronka haundiak dauzka, lan asko eskatzen dutenak eta bost zinegotzi baino ez dira gobernuan.
- Bost hilabeteren ondoren zer deritzezu Navarroren gobernu moldeei?
Herri proiektu falta daukala nabarmenduko nuke. Arloz arlo aztertu eta argi ikusten da hori. Navarrok aurreko legegintzaldian berak aldarrikatutako parte hartze dinamikak ahaztu ditu eta era presidentzialista batean ari da bera orain. Kontraesanez betetako gizona da. Nahikoa adierazgarria da berak oraintsu pleno batean esandakoa: “Antes tenía pelo y ahora no”
-Eta orduan…
Erreflexio sakona egin beharko luke talde independienteak. Guk aukera berrietarako zabalik jarraitzen dugula ulertzen dut… Benetako aldaketa ekarriko luketen aukerez ari naiz. Eta horretan badago bestelako konbinaziorik.
-Bozeramale moduan baduzu harreman zubi iraunkorrik alkateagaz?
Gurekin dituen harremanak ez dira alkate batek euki beharko lituzkeenak. Ez dago harreman iraunkorrik, ganera, inoiz erantzuna emoteko geratu eta gero ez du berbia bete.
- Gehiago zehaztu zeinke?
Ikusten ari garen udal ereduaz kezkatuta: euskera, batzordeak, lan kontratazioak, obra ezberdinen inguruan duten jarrera…udalaren norabideak arduratuta, alkatearengana jo genuen, bera eta bere taldearen gogoeta eskatuz. Erantzungo zigula esan zigun eta…gaur arte. Gaur da eguna erantzunik ez duguna.
-Noiz izan zen hori?
Urrian.
-“Solo faltaría que no nos dejaseis ni hablar” 1980ko hamarkadan Iñaki Basaurik, zeuen aittek , plenoan esandakoa?
Ez, esaldi horrek… 2007an neure ahotik irten du, duela hile pare bat edo, Navarrok berba egiteko dugun eskubidea zalantzan jarri duelako. Gure aittek esaten duenez, bera zinegotzi zenean, zendu barri den Karmelo Larrauri zegoen alkate eta harremanak askoz ere errezagoak ei ziren orduan.. Batzuk eta besteek zeuzkaten iritziak eta entzuterakoan gizon zabala zela esaten du aittek… eta orain 25 urte beranduago, nik horrelakoak bota behar izatea… bada gero!
- Aitte zinegotzi ohia izanda, jasoko duzu ba bere aholkurik.
Berak beti izan du interesa herrigintza arloan. Egia da bai ni zinegotzi naizenetik aukera daukala galdetzeko…izaten duguz elkarrizketak baina beti euki izan duguz, lehenago ere bai. Aberasgarria bada zentzu horretan. Aholku zehatzak baino, elkarrizketak dira gehiago.
-Bost hilabeteotan, zelan ikusi duzu gobernu taldea? Zelan PNV? Zelan zuok, EAE-ANV?
Hein haundi batean aurrekoek martxan utzitakoaren jarraipena baino ez du egin talde independienteak. Gu horrek harrituta uzten gaitu. Baina, bestalde, ANV-n oso garbi daukagu udalgintzak hartu beharko lukeen norantza berria eta horren arabera jokatu izan dugu. PNVri oposizio ikuspuntu hori barneratzea falta zaio. Orain arte ez dugu ikusi PNVrik oposizioan.
-Gai batzuk aipatzearren:
Muntsaratzeko etxebizitza plana. UR-8 deritzona? PNVren gardentasun faltaren adierazle nabarmena. Negozio itzel baten erakuslea. Independienteen jarrera, operazio hori babestuz, ulertezintzat jotzen dut.
Testu liburuen afera? Populismo kutsu haundia duela iruditzen zait.Ondo gelditzeko gogoa. Hezkuntza alorrean dituen benetako erronkei aurre egiteko gobernu taldeak dituen ezintasunen erakus leihoa.
Udalaren lan kontratazioak? Uriarteren denboretan epaitegietara eraman zutena orain independienteek eurok ari dira egiten. Ez dago irizpiderik eta gainera pribatizazioetan eskuineko politika aplikatzen ari dira. Aurrekari arriskutsua.
Mankomunitatea? Errealitate interesgarria sortu da eskualdeari begira. Indar korrelazioak bide berriak jorratzeko aukera ematen du.
Abiadura Haundiko Trena? Eredu neoliberalaren ikur nagusia. Aberrazioa. Inposaketaren adierazle argia. Baina bestalde, herri honen erresistentzia kapazitatearen ezaugarri ere izan daiteke. Gure inguru natural zein sozialean eragin zuzena izango du.
Ordenantza fiskalak? %4ko igoera onartu dute independienteek tasa eta zergetan, eskualdean beste inon gertatu ez dena. %2an dabiltza gainontzeko herrietan. Batzordean eztabaidatu barik onartu dute plenoan.
-Zelan doa 2008rako aurrekontuen eztabaida?
Gaurdaino ez dugu jaso gobernu taldearen proposamenik. Abendua bertan da baina ez dute izan gaitasunik gainontzekooi zein proiektu duten jakinarazteko. Hilabete batek ez du emoten proposamena ekarri, hausnartu, emendakinak jaso, moldaketak egin edo adosteko.
-Zerk egiten du kale?
Independienteen gaitasun falta dela uste dut. Aurrekontuak, garaiz aurkeztu eta eztabaidatzeak, intentzioaz gain, lan deskarga haundia eskatzen du eta hortxe egiten dute kale. Udalgintzan duten noraezak baldintzatzen dituen susmoa daukagu baina hori, edozein modutan, independienteei galdetu beharko zaie.
-Nabaritzen da udalaren osaketan berdintasun legearen eragina?
Errealitate bat da lege horren eragina gizon eta emakume kopuruari dagokionean igarri izan dela. Baina gero, arduren pisu espezifikoari dagokionean, ez da horrenbeste igarri. Hirigintza batzordean, adibidez, neu naiz emakume bakarra.
-Antzeko zerbait beharko litzateke herritarron hizkuntza eskubideak bermatu ahal izateko?
Ezker Abertzaleak jarri zion erronka hori bere buruari eta bete egin du. ANVko zinegotzi guztiok gai gara euskeraz zein gazteleraz hitz egiteko. Beste taldeetako zinegotzi batzuk euskeraz duten gaitasun ezak guztiz baldintzatzen du pleno zein batzordeetan naturaltasunez aritu ahal izatea.
-Politika orokorrari dagokionean zaharrak berri edo egoera berria da bizi duguna?
Uste dut barri-barria ez dela. Azken urteotan bizi dugun egoera surrealistatzat daukat. Hautagai izateko, erreferentzialtasun politikoa mantentzeko, bozkatzera joateko sufritzen dugun ezintasuna eta errepresioa ez da eroangarria bere burua demokratikotzat daukan estatu batentzat.
-Bitartean zuzendaritza politiko bat kartzelan.
Horrek erakusten du zein kalitatezko “demokrazia” bizi dugun. Ulertezina da demokrazia elementuetan sakondu beharrean egun Euskal Herriak bizi duen egoera. Erabaki hausartak behar dira. Herritarrok erabaki behar dugu herri honentzat zer nahi dugun.
-Ezker Abertzaleak konkrezio maila haundia erakutsi du bere proposamenean.
Inoizkorik haundiena baina gero klase politikoak ez du maila nahikorik erakutsi proposamen horrek duen zuku guztia ateratzeko.
-Begi bistan dugu 2008a, zer eskatuko diozu urte berriari?
Euskal Herriak bizi duen injustizia eta demokrazia faltari heldu eta konpontzeko bitartekoak jartzea eskatuko nioke. Horretan aurreratzen dugun neurrian elkarbitzan aurreratuko dugu eta eragin zuzena izango du herrigintzan eta udal guztietako jarduera naturalizatzen.
